Asteartea maiatza 22 , 2012
Español(Spanish Formal International)English (United Kingdom)Basque (Euskara estandarra)
Font Size
   

¡Guía de lugares que no te puedes perder, si vas a visitar Park Avenue!

Bilbo

Arriaga Antzokia

Bilbo hiriak bere burua berritzea eta bere errautsetatik berriro sortzea erabaki zuen egun batean, eta gaur egungo hiri modernoa, kulturaduna eta erakargarria bihurtu zen, Europako hiriburu nagusiekin nahi duen guztian lehiatzen dena. Bilbao Guggenheim baino askoz ere gehiago da, baina ez dio ikur horri uko egiten, mundu osoan ospea horrek eman baitzion. Bizi kalitatea eta kultura, gastronomia eta artea, erosketak eta nazioarte mailako ostatuak, negozioak eta bilguneak, eta mundu osoko konpainiak erabiltzen duten nazioarteko aireportua... hori guztia du gaur egun Bilbok, baina beste hainbat gauza ditu eskaintzeko: jende atsegina, itsasadarrean zehar txangoak, gau giroa eta parrandak...



Guggenheim Museoa


Zuri Zubi

Euskadiko udalerri jendetsuenak, Bizkaiko Hiriburuak, dena zuen: merkataritza jarduera, kaleetan giro ederra eta toki interesgarriak. Baina zerbait falta zuen bisitariak erakartzeko. Zerbait hori azken hamarkadetan etorri zen, azpiegitura eta ekipamendu modernoak egiteko proiektu handien eskutik; punta-puntako arkitektuen laguntza izan du horretarako. Norman Foster (Metroa), Santiago Calatrava (Zubizuri), Arata Isozaki (Isozaki Atea), Rafael Moneo (Deustuko Unibertsitatearen liburutegi berria) eta Frank O. Gehry (Guggenheim Bilbao Museoa) dira, besteak beste, Bilbao berriaren bultzatzaileak.

Guggenheim benetako bultzada izan da bai bilbotarrentzat eurentzat bai bisitarientzat ere, titanio, granito eta beiraz egindako egitura baten bidez (etorkizuneko ontzi bat bailitzan) hiriburuaren argi aldakorrak itsasadarrean islatuz denak bereganatu baititu. Kanpoalde txundigarria izateaz gainera, Guggenheim Bilbao Museoak 11.000 metro karratu ditu barruan erakusketak eskaintzeko, eta aldi baterako erakusketa handiak etengabe eskaintzen dituen programazioa du, zorroztasuna baztertu gabe arte garaikidearen joerak ezagutzera emateko. Hortik hurbil, Euskalduna Kongresu eta musika jauregia dago. 2.200 ikus-entzule hartzeko auditorio bat eta kongresuak egiteko instalazioak ditu.


Bilboko Udaletxea


Alde ZaharraEraikin apartak, Abandoibarra izenaz ezagutzen den inguruan itsasadarra besarkatu nahi duen hiri berri baten erakusgarri dira biak. Hiriburuaren erdiguneko inguru hori Bilbo eraberritzeko ahalegin guztien bilgunea izan da. Horrela, gaur egun, aipatutako eraikin horiez gain, besteak beste, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Erriberako parkea, Pedro Arrupe pasabidea, Uribitarte pasealekua, Zubiarte merkataritza zentroa eta Sheraton hotela daude bertan. Hortik gertu BilbokoArte Eder Museoa ere badago, pintura, eskultura, marrazki, grabatu eta arte ederren bilduma zabala bezain bikaina du.

Alde Zaharra – Zazpikaleak

Hiriko alde berritzaileenaren erakusgarriak atzean utzita, Bilbok Alde Zaharrean du muina, Zazpikaleak izenaz ezagunagoa den inguruan. Hiriko aisiarako eta merkataritzarako gune nagusietakoa da. Bertako kaleetan (oinezkoentzakoak) nahasian daude betiko saltokiak eta berritzaileenak, eta taberna eta jatetxe ugari daude euskal sukaldaritzako onena dastatzeko.

Horrela, milaka bisitari murgiltzen dira urtero kale horietan; edozein aitzakia da ona Zazpikaleetako gastronomia, merkataritza eta kultur eskaintzaz gozatzeko. Bertako txokoetan, hiriko eliza eta monumentu zaharrenak aurkituko ditugu: Santiagoko Katedrala, San Anton eliza, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa Bidebarrietako Udal Liburutegia eta Plaza Barria. Aisiarako gune eta jolas eta jai giroko ekitaldi asko izaten dira azken horretan, iganderoko Merkatua eta San Tomas eguneko azoka, esaterako.

Itsasadarraren, Bilboko ardatzaren, ondoan, Areatza, hiri jarduera asko hartzen dituen pasealeku zabala dago, eta, ondoan, Arriaga Antzokia Juan Crisostomo Arriagaren omenez eraikitakoa. Hortik oso gertu, Areatzako zubiak Zazpikaleak eta XIX. mendeko zabalgunea lotzen ditu. Etxadi zabal eta eraikin dotorez osatuta dago azken hori, eta Kale Nagusia du ardatz nagusi, denda eta banketxe ugariz betetako kalea eta tarte bat behintzat oinezkoentzat duena.

Kale Nagusitik, baina horren azken tartetik, beste interesgune baterako sarbidea ere badago, Casilda Iturrizar parkerako sarbidea, hain zuzen. Lorategiak, pasealekuak eta pergolak, urmael handi bat... hori guztia eta gehiago dago Bilbao erdialdeko berdegunerik handienean.

Hiriaren ikuspegi zabalagoa izateko, komeni da funikularra hartzea, Campo Volantin pasealekutik Artxanda mendira igotzeko, edo Alde Zaharreko Esperantza kaleko igogailua hartzea, hiria goialdetik ikusteko; azken horretatik Begoñako Andre Mariaren Basilikara joateko aukera ere badago.

Bilbao punta-puntako kultur ekitaldien bilgune ere bada. Uda hasieran Kobetamendiko landetan bertako eta nazioarteko taldeen musika entzuteko aukera ematen duen BBK Live horren adibide. Baina kultur aukerak musika baino gehiago eskaintzen du. Zazpigarren arteak ere toki berezia du Bilbon, Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiari (ZINEBI) esker berezik.


Bilboko Itsasadarra

 

Bizkaiko Zubi Esekia

Bizkaiko Zubi EsekiaAlberto Palacio arkitekto eta ingeniari bizkaitarrak ez zuen imajinatu ere egingo Ibaizabal ibaiaren bokalerako diseinatu zuen altzairuzko kable eta habe pila hark Indiako Taj Mahalen edota Atenasko Akropoliaren estatusa lortuko zuenik, UNESCOk duen Gizadiaren Ondarearen zerrendan elkarrekin agertzen baitira horiek guztiak.


Bizkaiko Zubi Esekia XIX. mendearen bukaera aldean sortu zuten, ordura arte ohikoa zena erabat berritzeko asmoz. Mota horretako lehen eraikuntza izan zen mundu osoan, eta Europan, Afrikan eta Amerikan hurrengo hiru hamarkadetan egin zituzten antzeko zubi askoren eredu bihurtu zen. Palaciok bere maisuaren (Gustave Eiffel) ideiak sakon aztertu ondoren sortu zuen metalezko erraldoia, gaur egun martxan dagoen horrelako bakarra. Urte hauetan guztietan Bizkaia industrialaren irudi ezagunenetakoa bihurtu da.

Itsasadarraren bi aldeak lotzeko premia nabarmenari erantzuteko egin zuten zubia Getxo eta Portugalete artean. Egun, oraindik orain, ehunka autok eta herritarrek erabiltzen dute plataforma alde batetik bestera minutu eskasean pasatzeko, itsasontzien joan-etorria oztopatu gabe.

Itsadarra plataformaz zeharkatzeko aukera ez ezik, Zubi Esekiak 1999tik beste eskaintza interesgarri bat ere badu: 50 metrora dagoen pasabidera igoteko aukera ematen du, ibaiak eta itsasoak bat egiten duten inguru horretako ikuspegi ederrak ikusteko.

Bizkaiko Zubi Esekia

 

Euskadiko Paisaia

UrdaibaiHaran zabalak, gune menditsuak, baso berdeak, padura aberatsak eta hondartza lasaigarriak. Naturguneak atsegin dituztenek hamaika leku ezagutzeko parada izango dute Euskadira hurbilduz gero. Bertako paisaia malkartsuen aniztasuna eta edertasuna agerikoa da, ez bakarrik parke natural izendatutako eremuetan, lurraldearen zati handi batean baizik. Euskadin natura eta zibilizazioa elkarrengandik oso hurbil ditugu. Turismo aktiboa egitea gogoko dutenek edo besterik gabe inguruneak ezagutzea atsegin dutenek jakingo dute, bai, gureaz gozatzen.


 

Urdaibai

Berdeguneak eta askoz gehiago

Euskadik espazio irekiak atsegin dituztenak liluratuko dituen paisaia-aniztasuna du. Itsaslabar malkartsuak eta hondartza leunak itsasertzeko herrietan elkar harturik. Haran berdeak ibai txikien altzoan. Ibilbide atseginak egiteko aukera eskainiko diguten mendikateak. Bestelako kolorea eta klima dituzten haran zabalak. Euskadiko biztanleria dentsitatea oso altua (290 biztanle kilometro karratuko, gutxi gorabehera) eta eskualde batzuetako industrializazioa oso handia (horrek ingurumen-arazoak ditu ondorio) izanagatik ere, Euskadik oro har bertako natur baliabideak zaintzen jakin duela esan genezake. Horren lekuko dira flora eta fauna ia jatorrizko egoeran ezagutzea ahalbidetzen diguten parke natural ugariak.

Hezea eta lehorra

Euskal Autonomia Erkidegoak bere duen 7.200 kilometro karratu inguruko azaleran bi paisaia mota nagusitzen dira funtsean. Batetik, itsasaldeko zerrenda zabala, berdea, hezea eta menditsua, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurrak eta Arabako mendialdea hartuko lituzkeena. Bestetik, Arabako hegoaldeko ibar zabal eta lehorrak, Gaztelako mesetaren berezko orografiaren eta klimaren ezaugarriak gogorarazten dizkigutenak. Banaketa nabarmena da hidrografiari dagokionez. Gainera, bi isurialde hidrografiko horiek klima desberdinak zedarritzen dituzte. Iparraldean eguraldia klima ozeanikoari dagokiona da bete-betean. Hots, tenperatura leunak udan nahiz neguan eta prezipitazio nahiko erregularrak. Hegoaldea, ostera, klima kontinental gisa katalogatzen da. Bestela esan, lehorragoa da eta tenperaturak muturrekoagoak.

Mendi eta parke naturalak ez ezik, itsasertza ere bada Euskadiko elementu erakargarri. Bizkaiko itsasoari begira dagoen 252 kilometroko erlaitzean itsaslabar malkartsuak –batzuek altuera handia dute– eta ibaien ahoak, interes ekologiko handiko padurak eta harea leuneko hondartzak tartekatzen dira. Euskal hondartza gehienek zerbitzu onak dituzte eta kokagune ezin hobeak dira uretako kirolak egiteko.

 

Urdaibai

 

San Juan de Gaztelugatxe

Imagen lateral de San Juan de GaztelugatxeLehorretik nagusi ikusten da Gaztelugatxe. Penintsulatxo horren gailurrean San Joanen omenezko ermita txiki bat dago, eta bertara iristeko 231 eskaileraz osatutako bidexka bat igo behar da.

Ez dago argi baseliza hau noiz eraiki zuten, baina hainbat dokumentuk 1886an berrikuntza garrantzitsuak egin zizkiotela diote. Gaur egun, planta angeluzuzeneko eraikina da: abside poligonala, horma-bularrez indartutako harri-hormak, bi isurialde dituen gainaldea (buruan izan ezik) eta hegoaldeko ataria ditu.


Gaztelugatxeko San Joan sakon errotuta dago herritarren artean, batez ere arrantzaleen artean. Santuari babesa eskatzera joaten ziren, horren adierazgarri dira hormetan dauden koadroak (hondoratzeko zorian dauden itsasontzien irudiak dituztenak) eta baita zintzilikatuta dauden ontzien maketak ere. Kondairak dioenez, San Joan, Bermeon lehorreratu eta gero, hiru urrats luzez baselizara heldu zen, eta urrats haien arrastoak bidean utzi zituen. Azken urratsaren arrastoa baselizaren sarbideko azken mailan omen dago.

Urtero, ekainaren 24an, erromeria ezaguna ospatzen dute San Joanen omenez. Jende asko oinez joan ohi da inguruko herrietatik erromesaldian, betetako promesak eskertzera edota goizaldetik egun horretan ospatzen diren mezak entzutera.

 

Imagen de San Juan de Gaztelugatxe

 

Gernikako arbola eta batzar-etxea

Gernikako arbolaEuskal nortasunaz ari bagara, Gernikako Arbola eta Batzar-etxea aipatu behar ditugu. Bizkaiko instituzio-organo gorenaren egoitza, Gernikako Juntetxea zuhaitz mitikoaren ondoan dago, Erdi Arotik euskaldun guztien ikur eta Bizkaiko Jaurerriko batzarkide guztion bilgune denaren ondoan.

Gernikako Arbola Bizkaiko Batzar Nagusietako arkitektura multzoaren bihotza da. Horren eta horren aurrekoen, Arbola Aitaren (XIV. mendea-1742) eta Arbola Zaharraren (1742-1860; haren enborra oraindik dago bertan), adarren azpian, Bizkaiko Jaunek bizkaitarren usadio eta ohiturak, hau da, Foruak, zaindu eta errespetatuko zituztela zin egin behar zuten. Betebehar hori egin eta gero aitortzen zituzten Bizkaiko Jaun gisa.


Gernikako arbolaBizkaiko elizateetako ordezkarien batzarrak ere horren inguruan egiten ziren; Bizkaiko Batzar Nagusiak izenaz ezagutzen ziren eta 1876ra arte iraun zuten. Horren adarraren itzalpean, legeak eta leialtasun-zinak egin ziren eta baita lurraldeko udalerrien arteko liskarrak konpondu ere.

Arbolaren ondoan eliza bat ere bazegoen, hain ugariak ziren egun euritsuetan meza entzun ostean gai publikoak eztabaidatzeko biltzen ziren batzarkideak hartzen zituen baseliza txiki bat, hain zuzen. Horrela izan zen XIX. mendearen hasierara arte, aurrerapenek eta praktikotasunak eraginda instituzio historikoa hartzeko eraikin berri bat egin zuten arte. Egungo Juntetxea orduan sortu zuten, eliza zaharraren oinarrien gainean eraikiz, besteak beste Gernikako bonbardaketari zutik eusteagatik euskaldunontzat askatasunen ikur bihurtu zen haritzaren ondoan.

Gaur egun, ehunka urteko tradizioari jarraituz, Batzar Nagusiek Gernikako Batzar-etxean egiten dituzte oraindik osoko bilkurak. Juntetxea ikustera nahi duten guztiak joan daitezke; arbola, Batzarrak egiten dituzten gela eta Batzarren historiarekin lotutako zenbait obra eta objektu historiko gordetzen dituen gela ikusi ahalko dituzte bertan.

 

Gernikako arbola eta batzar-etxea

 

Donostia

DonostiaEaso Ederra, Ozeanoko Perla... asko dira Donostia hiriak lortu dituen mirespen adierazpenak. Kantauri itsasertzaren eta Urgull, Igeldo eta Ulia mendi berdeen artean kokatuta, ekarpen-indar handia izan du XIX. mendeaz geroztik, errege-erreginek udak pasatzeko eta gizarte maila altukoek elkarrekin biltzeko aukeratu zutenetik. Gipuzkoako hiriburua zerbitzu-hiria da egun, 180.000 biztanle inguru ditu, eta Euskadiko kultur eta turismo gune nagusietako bat da.


 

Kontxako badia ederrarena da, zalantzarik gabe, hiriaren irudirik ezagunena. Itsas zati horren inguruan hazi da lasai eta dotore hiria. Ingurumari horretan ospatzen da urtero, udan, Euskadiko kirol ekitaldi garrantzitsuenetako bat; Kontxako estropada. Gomendagarria da oso Igeldora funikularrean igotzea, urteko edozein sasoitan, Donostiako badiaren ikuspegiaz gozatzeko.

Maria Cristina Hotela


Handik paseo atsegina emateko aukera dago Miramar Jauregia, estilo ingelesari jarraiki eraikitako jauregia, edo Ondarretatik haratago Eduardo Chillida artista handiaren Haizearen Orrazia (2007an 30. urteurrena bete zuen) ikusteko. Haitzei tinko atxikita dauden altzairuzko hiru pieza ikusgarrik osatzen dute artelan hau, eta itsasoa lagun duela, inguru magikoa sortu dute, artearen eta paisaiaren arteko harmoniaren adibide ezin hobea.

Portu bitxia ere nahitaez nabarmendu behar da. Horren azkenean, eta itsasora begira, Itsas Museoa Dago , baita Aquarium berritu berria ere; bertako ozeanarioa 360º-ko ikuspegia eskaintzen duen metakrilatozko tunel batek zeharkatzen du.

Boulevard zumardia, Zabalgunea eta alde zaharra lotzen dituen kale jendetsua, Victoria Eugenia Antzokia, hiriko eraikin ospetsuenetakoa, erabat berritua eta antzoki berritzaile bihurtua, eta Kursaal Jauregia (Zurriola Hondartzaren gainean dago) ere Donostiako toki oso adierazgarriak dira. Hiriko kultur ekitaldi eta kongresu askoren bilgune, Kursaalek 300 ekitaldi eta 600.000 bisitari baino gehiago hartzen ditu urtero. Obra bitxi honen egileak, Rafael Moneo arkitekto ospetsuak, “hondoratutako bi arroka” bezalako beira zeharrargizko bi kubo diseinatu zituen, “geografia iraunarazi eta, posible den neurrian, naturala eta artifizialaren arteko harmonia azpimarratzeko” saiakera batean.

Kursaal Jauregia


Donostiako Alde ZaharraErdigunera joanez gero, Artzain Onaren katedralarekin egingo dugu topo. Manuel de Echave arkitekto donostiarrak diseinatutako eraikin honek estilo neogotikoa du eta hiriko leku askotatik ikus daiteke; izan ere, 75 metroko altuera du.

Alde Zaharra

Hiriaren bihotza Alde Zaharra da, oinezkoentzat prestatutakoa. Hori da Donostiaren historia gertutik ezagutzeko eta bertako sukaldaritza bikainaz gozatzeko tokirik onena.

Abiapuntu Konstituzio Plaza arkupeduna dugu. Balkoiek zenbakiak dituzte; aspaldi zezen-plaza izan zela ekartzen digute gogora. Donostiako kultur ekintza nagusiak bertan egiten dira. Urtarrilaren 20an, esaterako, danborrada egiten dute, San Sebastian eguna ospatzeko.

Arratsaldeetan eta asteburuetan, jende asko batzen da Alde Zaharreko karriketan. Giro paregabea egon ohi da denda eta, batez ere, tabernetan, Euskadin errotuen dagoen ohitura batez, txikiteoaz, gozatzeko, eta Donostiako pintxo gozoak dastatzeko.

 

Haizearen Orrazia

Kultur jarduerak

Baina Donostia hiri kosmopolita bat baino askoz ere gehiago da, eta itsasertzean erritmo lasaiaz bizitzeko eta gozatzeko aukera ematen du. Bertako kultur eskaintza zabalak ere turista ugari erakartzen ditu urtero-urtero hirira. Donostiako egutegian asko dira azpimarratzeko moduko ekitaldiak, Jazz Jaialdia, Musika Hamabostaldia, Udako Ikastaroak... eta, batez ere, Zinemaldia, irailean. Euskal kultur jarduera ospetsuenak eta Europa mailako zinema alorreko hitzordurik handienak zinema munduko aktore ospetsuak eta zale ugari biltzen ditu bertan; hori dela eta, egun horietan Donostiara joaten diren guztiak giro horretan murgildu eta hunkitu egiten dira, haiek kutsatuta.

 

Chillida Leku

Chillida Leku Museoa"Behin, utopia batekin amets egin nuen: nire eskulturei atsedenerako lekua topatu nien, eta jendea eskultura haien artetik zebilen, basoan zuhaitz artetik bezala". Eduardo Txillida.

Euskal arte-sormenaz hitz egitea bere artistarik unibertsalenaz hitz egitea da, Eduardo Txillida (1924-2002). Chillida-Lekurekin bere lanen neurrira egindako espazio bat sortzearen bere ametsa egia bihurtu nahi izan zuen. Txillidak “…aquí en mi País Vasco me siento en mi sitio, como un árbol que está adecuado a su territorio, en su terreno pero con los brazos abiertos a todo el mundo” esaten zuenean, lur honi zion atxikimendua eta maitasuna erakusten zuen, berak adierazi eta bere lanetan islatzen zuen bezala. Chillida-Leku da, beraz, egileak urte luzetan zehar nahi izandako ametsaren lorpena: Bere lanaren neurrirako espazioa sortu, horretara bere lan hori etengabe ikusgai izan zedin.


Hernanin dago Chillida-Leku, Donostiatik 15 kilometrora. Denbora eta espazioa gelditu egiten dira memoriaren bazter honetan donostiar eskultore handiaren burdinazko, altzairuzko, harzurizko eta granitozko lanetan laburbilduta.

Chillida-Lekuko bilduma 391 eskulturak eta paperezko 300 lan baino gehiagok (grabitazioak, grabatuak, marrazkiak...) osatzen dute. Bilduma dinamikoa da; izan ere, eskultoreak mundu erdian erakusketak egiteko zituen konpromisoen ondorioz, eta enkargu berrien sartu-irtenaren ondorioz, pieza handi batzuk aldi batez museotik ateratzen baitira eta beste batzuk ekartzen baitira, bildumaren aberasgarri. Ez da museo itxia, espazio bizi eta aldakorra baizik.

Chillida-Lekuren bihotzean Zabalaga baserri zaharberritua dago, gipuzkoar sortzailearen obraren muina babesten duena. Eraikin horretan Txillidaren formatu txiki eta ertaineko lanak daude bilduta, eta mende erdiko sorkuntza lanean barreneko ibilbide argitzaile eta liluragarri bat eskaintzen du, baserriaren 500 urte inguruko historiaren kutsua eta, aldi berean, eskultorearen beraren artelan bat balitz bezala eraberritua izatearen magiaren kutsua duena.

 

Chillida Leku Museoa

 

Korten altzairuz, harzuriz, granitoz, terrakotaz eta feltroz egindako lan txikiak daude bertan. Barruan, berriz, areto ezberdinetan, artistak 1948 eta 1951 artean Parisen egindako igeltsuak, Hernanira itzuli zenean forjatutako burdinak, garai hartako marrazkiak, obra publikoen proiektuak (batzuk ez ziren gauzatu, proiektuan geratu ziren) eta 1985ean bere ikerketa artistikoan hasi zituen grabitazioak daude ikusgai. Grabitazio horiek Txillidarik sakonena erakusten dute.

Bisitaria santutegi baten eta etxe baten arteko gune batean barrena ibili den sentipenarekin ateratzen da baserritik. Kanpoan, berriro ere paisaian murgilaraziko dute berdearen bizitasunak eta eremu osoa zipriztintzen duen altzairuaren eta granitoaren arteko ekuazioak. Chillida-Lekuk bizia hartzen du orduan, eta bisitaria kanpoaldeko 40 eskulturen artean mugitzen da, haiekin hitz egiten du, entzun egiten die, eta ukitu egin ditzake.

Artea eta natura uztartzen dituen 12 hektareako baso sorgindua da, pago, haritz eta magnolia artean eskultura itzelak gordetzen dituen zelai berde eta handia; gune magiko eta paregabea, zinez.

   

Santa Maria Katedrala

Imagen de la Iglesia de Santa MaríaEuskadiko hiriburuan, 1181ean hiria sortu zuten muinoaren goialdean, Santa Maria katedral dotorea dago. XIII. mendean hasi ziren tenplua eraikitzen, babesteko harresi baten gainean, eta ordutik Gasteizen historiaren lekuko pribilegiatua izan da. Hori dela eta, iraganeko lekukotasun ugari ditu; besteak beste, horiek dira Santa Maria katedralera joaten diren bisitariek ikus ditzaketenak. Katedralera sartzea iraganean eta Erdi Aroko gune eder baten historian zehar bidaia zoragarri bat egitea da.


“Irekita eta obratan” da Santa Maria katedraleko bisita gidatuen espiritua laburbiltzen duen lelo bitxia. Santa Maria Katedrala Fundazioa da 1999tik eraikin osoa, eta horren ingurua, sendotu, zaharberritu eta birgaitzeko arduraduna, eta Plan Gidatzailea du horretarako. Horren baitan dago herritarrei lan horiek nola egiten ari diren erakusteko ekimen bitxia. Ikuspegi horri esker, katedralean barrena egiten den ibilaldia obretan egin ohi den moduko bisita bihurtzen da, beharrezko segurtasun-neurriak hartuta, kasko eta guzti, eta ustekabekoak ematen ditu etengabe, proiektu bizi eta irekia baita.

Lanak ikusteaz gainera, bisitariek esperientzia apartaz gozatzen dute. Bisita berezia izaten da, neurrira egindakoa delako, azalpen historikoa ematen dutelako, patologiak eta berritzeko lanak xehetasun handiz azaltzen direlako, eta arkeologia eta berritze lanak zuzenean ikusteko aukera eskaintzen dutelako. Arkeologoak, harginak, aldamioak, errefortzuak... asko dira kulturak bultzatutako turismoaren alorrean berritzailea izan den proiektu honen osagaiak. Katedrala gune tematikoa dugu gaur egun Historia, Arkitektura, Kultura eta Artearen alorretan, baina erakargarria da oso ikerketak aurrera egin ahala edukiak aldatu egiten baitira. Bertatik bertara ikus daitezke bertan hainbat mendetan eusteko arazoek eta deformazio arazoek eragindako kalteak konpontzeko lanak.



Imagen de la Iglesia de Santa María


Zaharberritze lan horiek arkeologo eta historialari ospetsuenen laudorioak jaso dituzte. Biluzik, Santa Mariak bere alderik ederrena –bere barren zaharren alde berezi eta ezezaguna– erakusten du, munduaren aurrean benetan dena erakusteko: lehen mailako kultur erreferente eta turistentzako erakargarri. Hori horrela, zaharberritze proiektuaren fundazio kudeatzaileak landu duen kultur programa zabalak filosofo, arkitekto, musikari eta, batez ere, idazle ugari erakarri ditu tenpluaren erdiko naberaino. Paulo Coelhok Gasteizko katedraleko pasarte bat sartu zuen El Zahir lanean; Toti Martinez de Lezea horretan inspiratu zen A la sombra del templo idazteko; Julio Llamazaresek eta Arturo Perez Revertek Euskadiko hiriburuari eta bertako katedralari buruzko artikuluak idatzi dituzte... ‘Katedralaren inguruko Topaketak’ zikloan, Jose Saramago Nobel sariduna eta mundu mailan ospe handia duten beste hainbat idazle pasatu dira historiaren, arkeologiaren eta arkitekturaren erakustoki honetatik (Bryce Echenique, Vargas Llosa, Dominique Lapierre, Antonio Gala eta Zoe Valdes, besteak beste) eta “harrituta” geratu dira guztiak.

Baina Santa Mariari nazioarte mailako ospea Ken Follet idazleak eman dio. 2002an katedrala lehen aldiz bisitatu zuenetik, harreman estua izan du Gasteizekin, eta harreman hori maila gorenera iritsi zen 2008an Los Pilares de la Tierra eleberriaren bigarren partea (Un mundo sin fin) aurkeztu zuenean. Hainbat mendetan zimendu eta deformazio arazoek eraginda higadura handia jasan duen tenplu zahar batean egindako ibilaldi “erakargarria” izan omen zuen inspirazio iturri hori idazteko. Follet inspiratu zuen ibilbideak etorkizun handia izango du; bisita kopuru handia, horren erakusgarri.

Bisitariak Hartzeko Zentroan hasten da ibilaldia. Bolatoki izandako eraikin hori erakusketa gune da gaur egun, katedralaren zaharberritze plana aurkezteko zentro bihurtu baita. Bisitaria Aiztogile kaletik sartzen denean, Gasteiz zaharreko harresiaren hondakinak ikusita, jakinmina eta bestelako sentsazio ugari sortzen zaizkio. Eskailera bitxi batetik jaitsirik, tenpluaren lur azpira iritsiko da, girolara; guztiz osatu ez zen eliza-gotorlekuaren babes-izaera ikusten da bertan. Ezohiko tokia da. Eskailera kiribil batetik, berriz, harresiko errondabidera iritsiko da. Bertara iritsita, paseo lasaia proposatzen da babeserako talaian zehar. Gasteiz iparraldearen eta Arabako Lautadaren ikuspegi ederra dago bertatik. Erabat estalpean San Prudentzioren kaperara iritsi arte, bisitaria erdiko nabera jaitsiko da, metalezko pasabidea zeharkatzen duen neurrian, katedralaren zorua, indusketa lanak eta eraikinari eusteko lanak ikusteko, ibilaldia atarian (jatorrizko sarreran) bukatu aurretik.

   

Euskal Gastronomia

euskal gastronomiaren espezialitateaEuskadin jatea ez da oinarrizko premia bat asetzea bakarrik. Gastronomia euskaldunen eguneroko bizitzako elementua da; izan ere, mahaiaren inguruan eztabaidatzen, adosten eta sendotzen dira harremanak. Bisitariak eskaintza zabal bezain atsegina izango du aukeran: tradiziozko sukaldaritza bikaina, kalitate handiko produktuak oinarri dituena, edo egile-sukaldaritza berritzailea, gure mugak gainditu dituena. Eskaintza zabala aukeratu ahal izateko eta ezinbestean hautatzeko. Donostia da munduan metro karratuko Michelin izarren dentsitate handiena duen hiria. Alabaina, Euskadin beste hainbat aukera ere bada dastamena goxatzeko, entzute handiko jatetxeetan nahiz beste xumeago batzuetan.


euskal gastronomiaren espezialitateaEuskadiko tradiziozko sukaldaritza gozoa jada oso ezaguna zen nazioartean bertako sukaldari-talde bat, tradizioa oinarri eta irudimena osagarri hartuta, sukaldaritza hori berritzera ausartu zenean. Joera hori, laster euskal sukaldaritza berria esapidearekin izendatu zena, hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean sortu zuten nouvelle coisine frantziarra erreferentzia-puntu zuten sukaldari gazte batzuek. Benetako sukaldaritza-iraultza hartan hartu zuten parte, besteak beste, Subijana, Irizar, Fonbellida, Castillo, Argiñano edo Juan Mari Arzak sukaldariek. Hori izan da, zalantzarik gabe, euskal sukaldeak, Gipuzkoakoak batez ere, usain gozo, ehundura, konbinazio eta lantze-prozedura berriekin astindu dituen estiloaren maisu. Dena dela, sukaldari modernoek ere tradiziozko euskal sukaldaritzaren bi sekretu hartzen dituzte oinarri oraindik ere: maila goreneko lehengaiak erabiltzea eta garaiko produktuak baliatzea.

Gaur egun bilakaera horretan parte hartu zuten sukaldari gazteak izen handiko maisuak dira eta egile-sukaldaritza deiturikoan islatzen dute beren sormena. Gizarteak begirune handia dien arren, harritzekoa da sukaldari entzutetsu horien hurbiltasuna. Munduko gastronomiako pertsona ospetsu horietako edozein noiznahi ikus dezakegu merkatuan barazkiak hautatzen, komunikabideetan bere errezeten berri ematen edo sukaldaritza eskoletan sukaldarien belaunaldi berriak, dagoeneko maila handiko gastronomia-mota honen jarraipena ziurtatu dutenak, prestatzen.

 

Pintxoak - Miniaturako plazerrak

 

Primerako elikagaiak

Imagen de delicia Gastrónomica del País VascoEuskal itsasertzetik edo euskal arrantzaleek mendetan ustiatu izan dituzten urruneko kaletatik datorren arraina da euskal sukaldaritzako izarra. Legatza, bisigua, hegaluzea eta bakailaoa, hainbat modutan prestatuta, izaten dira arraina erabiliz egiten diren euskal plateren oinarri. Alabaina, plater horien artean badira arrain xumeagoekin egindakoak ere, sardinekin edo antxoekin egindakoak adibidez, baita beste espezie batzuekin (erreboiloz, zapoz, lupiaz...) egindakoak ere. Saltsa oinarrizko eta arinei —adibidez, saltsa berdeari edo pil-pilari— esker, arrainaren esentzia ateratzen dute, arrainaren ehundura aldatu gabe eta zaporea nahasi gabe. Txipiroiak ere euskal jatetxeetako elementu klasiko dira, tradiziozko tinta beltz originalarekin prestatuta nahiz tipula eta piperrez salteatuta, Pelaio erara. Baita oso preziatu den itsaski bat ere; txangurroa. Bestalde, haragia Arabako errezetetan da nabarmena. Bertan maisuki prestatu ohi dute arkumea. Gipuzkoan eta Bizkaian txuleta da haragirik estimatuena, idiarena bada hobe. Parrilan erreta, bi aldeetatik oso xigortua eta erdialdean odola dariola, landa-inguruneko sukaldaritzaren muina da.

Baratzeko sukaldaritza, aldiz, Araban da bereziki aberatsa. Horren erakusgarri ditugu mota guztietako barazkiak nahasiz egindako menestra gozoak. Barazkiak osagai dituzten beste plater batzuk lekak, porrusalda (porru-patatak) eta pistoa ditugu. Edonola ere, babarruna da, ziurrenik, euskal baratzeko produkturik tipikoena. Horien inguruan adituak dira Gernika-Lumon eta Tolosan. Perretxikoak ere plater gozo ugariren oinarri dira, oso preziatuak baitira euskaldunen artean


Miniaturako plazerrak

Euskadin ondo jateko ez da ezinbestekoa mahaian esertzea. Izan ere, txikiteoaren ohitura, koadrilan basoerdiak edo txikitoak nahiz zuritoak edanez tabernaz taberna joatean datzana, jatekora ere zabaldu da, pintxo tentagarrien bidez. Horietako batzuk sinpleak dira, baina errazio txiki horietako batzuk oso sofistikatu izatera iritsi direnez, jada hasi dira miniaturako sukaldaritzaz hitz egiten. Barra askotan erakusten dituzte harro bertako sorkuntzak eta espezializazioak. Egon ziur horien aurrean amore emango duzula.


Gozo-gozoak

Gasteizen egiten den gozogintzak ondo merezitako ospea duen arren, Euskadiko ia herri guztiek dute bertako gozo tipikoren bat. Dastatzeko modukoak dira Gasteizko goxuak, “vasquitos” eta “neskitas” izenekoak, Laguardiako kremazko hostopilak, Bilboko arroz-pastelak edo kremaz beteriko tututxoak, Barakaldoko “barakaldesitoak”, Markinako kokoteak, Donostiako pantxineta, Irun eta Hondarribiko amandreek oparitzen dituzten opilak, Tolosako teilak eta xaxuak eta Bergarako “rellenoak”.

 

Pintxoak - Miniaturako plazerrak

 

Sagardoaren erritoa.

Sagardotegietara sagardoa dastatzera joateko ohiturak formula gastronomiko berezi izaterainoko bilakaera izan du. Urtarriletik maiatzera bitarteko sagardo-garaian, giro ederrean, jendeak sagardotegietara jo ohi du zuzenean kupeletatik ateratzen den sagardo zorrotada edatera. Sagardoa edatearekin batera, bakailao-tortilla, txuleta, intxaurrak, irasagarra eta gazta jan ohi dituzte. Tradizioari eusten dioten sagardotegietan zutik jan ohi da, kupeletarako joan-etorriak errazteko.

 

Oso ardo gozoak

Zapore oneko plater horiek beren mailakoak behintzat badiren ardoak izaten dituzte osagarri. Arabako Errioxako ardoak munduko onenekin lehian aritzeko modukoak dira, nahiz eta eskualde hori txiki samarra izan beste batzuekin erkatuz gero. Haritzezko upelean ematen duten denboraren arabera, ardo beltzak ardo ondu, erreserba eta erreserba handi izango dira.Euskadiko edarietako bat txakolina dugu, ardo zuri, gazte, fresko eta fruta-gustukoa, azkenaldian Euskaditik kanpo ezagutzen hasi dena.



Pintxoak - Miniaturako plazerrak

   

Marqués de Riscal Upategiak

Imagen de las Bodegas Marqués de RiscalEltziegoko Ardoaren Hiria eta Arabako Errioxa: ardoaren kulturari omenaldia

Marques del Riscalen Oinordekoek euren jabegopekoak diren Ardo-Upeltegien instalazioak “XXI. mendeko gaztelu” bezala izendatzea atsegin dute. Ardoaren Hiria 2006. urte amaieran jaio zen Arabako Errioxako ekonomiari bultzada emateko. 100.000 metro karratu baino gehiago ditu eta XIX. mendeko upeltegiak eta Frank O. Gehryk diseinatutako eraikin berri batek osatzen dute. Hotel bat, ardoterapia spa, jatetxe esklusibo bat eta bileretarako gune bat ditu.



Imagen de las Bodegas Marqués de Riscal


Ardoaren arkitektura

Marques de Riscal Hotela Starwood Hotels & Resorts kateak zuzentzen du, The Luxury Collection enpresa ospetsuaren bitartez. Arabako Errioxako ardogintza eskualdean dago, Eltziegon.

Guggenheim Bibao Museoak bezala, Gheryk diseinatutako eraikina titanioz estalita dago, baina, kasu honetan, arkitekto kanadarrak kolorez (arrosa, urrea, zilarra) jantzi nahi izan zuen bere lana, eta kolore horiek bizitasun ezberdina hartzen dute argi aldaketekin. Formaz beterik egon arren, sintonia ezin hobean uztartzen da inguruko paisaiarekin.

Nazioarteko ikur bihurtu den eraikinak zirrara sortu nahi du ardoak bezala, eta tradizioa uztartuz.

 

Eltziego

Eltziego tradizio hiritarrik handiena duen Arabako Errioxako herria da. Zenbait kalek, Iparraldekoak kasu, itxura bera dute XVI. mendetik, eta horrek xarma berezia ematen dio herriari.

Balio historiko-artistiko handiko ondarea du Eltziegok, eraikin horien guztien artean San Andres eliza da garrantzitsuena. Nabarmentzekoak dira, era berean, Plaza Nagusia, Udaletxea, Plazako Ama Birjinaren Ermita, Gurutzea, Pikota eta Navarrete Ladron de Guevaratarren Jauregia (Burdinen Etxea) eta Ramirez de la Piscina Jauregia.

 

Imagen del Restaurante de las Bodegas Marqués de Riscal


Arabako Errioxa oparoa

Harresidun herrixkekin eta ardandegiekin tartekatzen diren mahasti ilarek marrazten dute Arabako lurralde historikoaren eskualderik ezagunena. Ebroraino hedatzen diren 12.000 hektarea mahastik osatzen dute. Arabako Errioxako paisaian berde kolore bizia gailentzen da udaberrian, eta urre-gorri kolorea hartzen du udazkenean. Zapore eta tradizio handiko lur honetan ardoa nonahi ageri da eta sormenak amaiezina dirudi. Errioxa Jatorrizko Deitura osatzen duten zonetako bat da. .

Espainiako Ardoaren Ibilbideen Sarean sartutako Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak zerbitzu ugari eskaintzen ditu ardoaren eskualde honen garapen soziekonomikoa bultzatzeko eta ardoaren kultura zabaltzeko xedez: besteak beste, upeltegietara, enoteketara eta ardo museoetara bisitaldiak, kirol eta kultur ekintzak, gaueko eskaintza zabala, hotelak eta jatetxeak. Hori guzti hori, ardoaren eskualde honen garapen soziekonomikoa bultzatzeko eta ardoaren kultura zabaltzeko asmoz.

Ibilbide honetako udalerriek bisitaririk zorrotzena ere asetzeko moduko hotel, jatetxe eta zerbitzu eskaintza zabala dute. Horren adibide dira Marques de Riscalen Oinordekoen Ardoaren Hiri abangoardistaz gain, Santiago Calatravak diseinatutako Guardiako Ysios upeltegiak eta Iñaki Aspiazu arkitektoaren Baigorri upategiak, Samaniegon. Aparteko aipamena merezi du Villa Lucia Ardoaren Erakustokiak Guardian dago, eta ardoaren kultura hedatzeko elkargune aparta da.

Nazioartean duen ospearengatik, Bilbo-Errioxa mugapea munduko eskualde ardo-egilerik ospetsuenek osatzen duten Ardoaren Hiriburu Handien Munduko Sarean dago. Bordele, Lurmutur Hiria, Florentzia, Maguntzia-Rheinhessen, Mendoza, Porto, San Francisco/Napa Bailara dira sare horretan dauden gainerako eskualdeak. Euren artean, batez ere ardogintzarekin loturiko turismoari dagokionez, harremanak sortzea eta gune horien garapen ekonomiko, unibertsitario eta kulturala sustatzea du helburu.

Baina Arabako Errioxa hori baino askoz gehiago da. Guardia-Arabako Errioxako Koadrila osatzen duten 15 udalerriek ondare natural, arkeologiko eta artistiko itzela dute, 5.000 urte baino gehiagoko trikuharrietatik hasi eta eraikuntzarik abangoardistetaraino. Guardia da herririk ezagunenetako bat. Monumentu Multzo izendatuta dago. Harresiz inguratutako Erdi Aroko erdigune historikoaz gain, Samaniego alegilariaren etxea, Primicia etxea eta Erregeen Andra Marinen elizaren XIV. mendeko ataria, zenbait mende geroago egindako polikromia mantentzen du. Halere, Bastidan, Lezan, Oionen eta Lapuebla de Labarcan ere badago zer ikusi eta zertaz gozatu.

 

Imagen del interior de la Bodega