Euskadiko Paisaia
Haran zabalak, gune menditsuak, baso berdeak, padura aberatsak eta hondartza lasaigarriak. Naturguneak atsegin dituztenek hamaika leku ezagutzeko parada izango dute Euskadira hurbilduz gero. Bertako paisaia malkartsuen aniztasuna eta edertasuna agerikoa da, ez bakarrik parke natural izendatutako eremuetan, lurraldearen zati handi batean baizik. Euskadin natura eta zibilizazioa elkarrengandik oso hurbil ditugu. Turismo aktiboa egitea gogoko dutenek edo besterik gabe inguruneak ezagutzea atsegin dutenek jakingo dute, bai, gureaz gozatzen.

Berdeguneak eta askoz gehiago
Euskadik espazio irekiak atsegin dituztenak liluratuko dituen paisaia-aniztasuna du. Itsaslabar malkartsuak eta hondartza leunak itsasertzeko herrietan elkar harturik. Haran berdeak ibai txikien altzoan. Ibilbide atseginak egiteko aukera eskainiko diguten mendikateak. Bestelako kolorea eta klima dituzten haran zabalak. Euskadiko biztanleria dentsitatea oso altua (290 biztanle kilometro karratuko, gutxi gorabehera) eta eskualde batzuetako industrializazioa oso handia (horrek ingurumen-arazoak ditu ondorio) izanagatik ere, Euskadik oro har bertako natur baliabideak zaintzen jakin duela esan genezake. Horren lekuko dira flora eta fauna ia jatorrizko egoeran ezagutzea ahalbidetzen diguten parke natural ugariak.
Hezea eta lehorra
Euskal Autonomia Erkidegoak bere duen 7.200 kilometro karratu inguruko azaleran bi paisaia mota nagusitzen dira funtsean. Batetik, itsasaldeko zerrenda zabala, berdea, hezea eta menditsua, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurrak eta Arabako mendialdea hartuko lituzkeena. Bestetik, Arabako hegoaldeko ibar zabal eta lehorrak, Gaztelako mesetaren berezko orografiaren eta klimaren ezaugarriak gogorarazten dizkigutenak. Banaketa nabarmena da hidrografiari dagokionez. Gainera, bi isurialde hidrografiko horiek klima desberdinak zedarritzen dituzte. Iparraldean eguraldia klima ozeanikoari dagokiona da bete-betean. Hots, tenperatura leunak udan nahiz neguan eta prezipitazio nahiko erregularrak. Hegoaldea, ostera, klima kontinental gisa katalogatzen da. Bestela esan, lehorragoa da eta tenperaturak muturrekoagoak.
Mendi eta parke naturalak ez ezik, itsasertza ere bada Euskadiko elementu erakargarri. Bizkaiko itsasoari begira dagoen 252 kilometroko erlaitzean itsaslabar malkartsuak –batzuek altuera handia dute– eta ibaien ahoak, interes ekologiko handiko padurak eta harea leuneko hondartzak tartekatzen dira. Euskal hondartza gehienek zerbitzu onak dituzte eta kokagune ezin hobeak dira uretako kirolak egiteko.





